You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Babeslea: Babesle: Iberdrola
Babeslea: Babesle: Iberdrola
-

John Deakin, Francis Bacon gabardina soinean, 1967
© The Estate of Francis Bacon
Eskubide guztiak jabedunak dira
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016


-

Francis Baconen estudioa, Reece Mews kaleko 7.
zenbakian, Londresen, 1998
© The Estate of Francis Bacon
Eskubide guztiak jabedunak dira
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016

Ba al zenekien...?

Erakusketa bisitatzen baduzu didaktika gune batez gozatu ahal izango duzu. Bertan, Francis Baconen (Dublin, 1909–Madril, 1992) artista bikainaren inguruko datuak daude, eta hiru dimentsioko errealitate birtualaren bidez bere estudioa aztertzeko aukera dago. Artistaren biografiak, ekoizpenaren kontzeptu nagusi batzuk arakatzen dituzten hormako testuek eta ikus-entzunezko batek artistaren obraren garrantzia erakusten dute. Gainera, 201. aretoan, Reece Mews kaleko 7. zenbakian (Londres) zuen bere estudioa –sorkuntzarako erabilitako espazio nagusia– deskribatzen da, eta lehen aldiz errealitate birtualaren bitartez berregin da.

Artista autodidakta

Francis Baconek modu berezian heltzen zion pinturak margotzeari: oso gutxitan baliatu zen prestaketa-marrazkiez eta mihise zurian margotzen zuen zuzenean. Ez zuen trebakuntza akademikorik izan eta haren estudioetan baino ez zuen lan egiten, salbuespenak salbuespen. 

Baconek inspirazio-iturri izan zituen zenbait artista klasiko eta moderno. Ingurukoek ere eragina izan zuten artistaren lanean; bikotekideek, lagunek eta senideek, modelo lanak egiteaz gain, artistari laguntzen zioten, baita diruz ere. Adibidez, lehenengo erosleetako bat izan zuen lehengusina Diana Watson. 1929an Londresera bizitzera joan zenean Eric Allden ezagutu zuen, lehen bikotekidea, baita haren bildumatzailea ere. 1930ean Roy de Maistre pintore australiarra ezagutu zuen, eta lagun egiteaz gain, Baconen mentore bihurtu zen. 

Velázquezen eta Picassoren maisutasunak eragin handia izan zuen Baconen artegintzan. Malagako artistaren erakusketa bat ikusi zuen 1927an Parisen, Galerie Paul Rosenberg-en, eta orduan erabaki zuen artean buru belarri aritzea. Velázquezen Inozentzio X.a aita santuaren erretratua (1651) lanean oinarritu zen oihuka ari den aita santuak irudikatzen dituzten mihise ugari egiteko [ikus Velázquezen araberako estudioa (1950) 207. aretoan]. Baconek horrenbeste miresten zuen Velázquez, ezen, 1950eko hamarkadan Erroman izan zenean, ez baitzuen maisu espainiarraren jatorrizko lan hori ikusi izan nahi: bere pinturak maisuaren mihisearekin alderatzeari beldur zion.

Giza irudiak

Baconen pintura-estiloa abstrakzioaren eta figurazioaren artekoa da. Hasierako lanen abiapuntu garrantzitsu bat izan zen Surrealismoa eta garai hartako lanetan estilo horren eragina nabarmena da. Gerora, giza irudien mugimendua irudikatzen hasi zenean, Eadweard Muybridge-ren xix. mende amaierako argazkiak, giza gorputza mugimendua erakusten dutenak, berebiziko iturri izan zituen. Antzinako maisuen aztarna ibilbide osoko artelanetan ikus daiteke —esaterako Michelangeloren marrazkiena eta haren giza irudiek ezaugarri dituzten “formen handitasuna”rena—.

Baconen giza irudien atalen deformazioak eta barruen xehetasunak arretaz aztertuz gero, ohartuko gara pintura abstraktuaren prozedurak ondo ezagutzen zituela, bai eta kolorea emozioz ematen zuela.

Erradiologia liburu bateak (Positioning in Radiography) leku berezia zuen Baconen liburutegi pertsonalean. Bertako irudiek —erradiografiak egiteko orduan gorputzen jarrerak—, ezagutzen zituen pertsonen gorputzen oroitzapenek eta Michelangeloren eta Muybridgen lanek eragin handia izan zuten Baconen giza irudien lanetan.

Sexualitatea

Baconek esaten zuenez, gurasoek etxetik bota zuten 1926an, amaren arropak jantzita harrapatu zutenean. Horren ondoren, amak bidalitako diruari esker, hainbat hiritara joan zen bizitzera, non askatasun handiagoz bere burua adieraz zezakeen: lehenengo Londresera, ondoren Berlinera eta azkenik Parisera joan zen. Borrokan ari ziren gizonen irudiak, gizonen gimnasia gai zuten aldizkarien ebakinak eta antzeko iragarkiak zituen estudioan, 1950eko hamarkadan homosexualitatea irudien bidez adierazten zen modua erakusten dutenak. 1967an gizonen arteko harremanak zati batean despenalizatu baziren ere, luzaroan Bacon legez kanpokoarekin lotzen segitu zuten. Bi gizonen arteko sexualitatea modu agerian islatu zuen lehenengotariko artelan bat dugu Belarretan belaunikatutako gizona (1952), 205. aretoan ikusgai dagoena. 

David Sylvester lagun eta arte-kritikariarekin solasean ari zela, Baconek azaldu zuen maiz irudikatzen zituen ahoak, beharbada, sexualitatearen aiputzat har zitezkeela, horien jatorrizko abiapuntua Parisen erositako bigarren eskuko ahoko eriei buruzko liburu bateko koloretako irudiak izan arren.

Bizitza eta heriotza

Baconek margotu zituen lehen motiboen artean daude harategietan zintzilik ikusten zituen okela zatiak; azkenean ibilbide osoan landu zituen [ikus Gurutziltzaketa baterako hiru estudio (1962) 205. aretoan]. Baconentzat haragiak bizitzaren eta heriotzaren zikloa adierazten zuen. Bigarren Mundu Gerrak eragindako sufrimendu eta suntsipena haren pinturetako haragiaren, ataldutako gorputzen eta, beharbada, irekitako ahoen irudietan islatzen dira. Era berean, bikotekide George Dyer-en heriotzak utzitako aztarna —1971n egin zuen bere buruaz beste, Baconek Pariseko Grand Palais-en atzera begirakoa inauguratu baino egun batzuk lehenago— nabaria da ondorengo lanetan, Dyerren irudi espektrala sarritan agertzen baita. 1990eko hamarkadaren hasierako obretan haragiak beste zerbait adieraz dezake: artista gaixorik zegoela eta hurbil-hurbil zeukala heriotza.
1992ko eskutitz batean, Baconek Damien Hirst aipatu zuen — garai hartan Londresko Saatchi Collection-en artelanak zituen artista gaztea zen—: Hirstek behi baten burua erabili zuen lan batean eta, ziur asko, artistak nolabaiteko kidetasuna sentitu zuen biek antzeko irudiak baliatzen zituztela jakitean.

7 Reece Mews: estudioa

"Ez dakit zergatik, baina ikusi bezain laster jakin nuen hemen lan egin nezakeela. Lekuek eragin handia dute niregan... gela bateko giroak. [...] Eta hona heldu eta jakin nuen hemen lan egiteko gai izango nintzela"

Francis Bacon

Francis Bacon 1992an zendu eta gero, Londresko South Kensington auzoko Reece Mews kaleko 7. Zenbakiko estudioa, zeinetan 30 urtez baino gehiagoz lan egin zuen, bere horretan gorde zuten 1998 arte. Urte horretan artistaren oinordekoak, John Edwards-ek, eta testamentu betearazleak Brian Clarke-k, estudioan ziren gauza guztiak dohaintzan eman zizkioten Dublineko, artistaren jaiotza hiriko, Hugh Lane Gallery erakusketa-aretoari. 2001ean ireki zen estudioa publikoarentzat.

Estudioa zehatz-mehatz birsortu zuten bertan eta Bacon hil zenean moduan gorde dute ordutik: hortxe daude ehunka argazki, dokumentu eta liburu; margotzeko tresna eta material ugari; Baconen artelan batzuk eta beste artista batzuen lanen kopiak, besteak beste, Picassorenak eta Velázquezenak. 

Artistak objektu eta dokumentuak, trasteak eta jantziak, adibidez, margotzeko tresna gisa erabiltzen zituen galtzerdiak, pilatzen zituen. Nahaspila handia zen; artistak berak “kaos ordenatua” deitzen zion estudioari, bai eta pintura lantzeko zuen ikuspegiari ere.

Baconek beste estudio batzuk izan zituen, baina besteetan ez zen Reece Mews kaleko 7. zenbakikoan bezain eroso sentitu. Baconentzako leku goxo horren energia sentitzeko aukera duzu erakusketa honetarako berariaz prestatutako errealitate birtual gailua baliatuz; erabiltzeko aukera izango duzu gune honetan. 

"Hemen baino ezin dezaket margotu, nire estudioan. Beste asko izan ditut, baina hemen aritu naiz ia 30 urtez; niretzat oso egokia da. Erraza zait honelako toki batean margotzea, anabasan. Ez dakit zergatik, baina lagundu egiten dit".

Francis Bacon

Laguntzazko baliabideak

-

3D esperientzia

Erakusketako didaktika gunera bazoaz, 201. aretoan Francis Bacon (Dublin, 1909–Madril, 1992) artistaren estudioren birsorkuntza birtual batez gozatu ahal izango duzu: estudio hori Londresko Reece Mews kaleko 7. zenbakian zegoen.

Zatoz!

-

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Museoko sarrerarekin batera entzuteko gida eskainiko dizute. Horren bidez erakusketa bakoitzeko artelanei buruzko informazio zabalagoa izango duzu.

Informazio-gunean eskatu entzumen, ikusmen edo/eta adimen urritasunak dituzten pertsonentzako audio/bideo gidak.

Informazio gehiago

-

Gomendatutako ibilbidea

Grimaldi Forum Monaco-rekin lankidetzan antolatutako erakusketa honek Francis Baconen artelanen eta hura inspiratu zuten artista handien lanen artean sortzen den dialogoa aurkezten du.

Bisitaldia has zenezake 20.5, 206., 207. eta 209. aretoetan, 203., 202. eta 204.ean jarraitu eta 208.ean amaitu. 

Bisitaz gozatzea espero dugu.

       

Jarduerak

-

Hitzaldia: Francis Bacon

Irailak 28, asteazkena, 18:30

Martin Harrison erakusketaren komisarioak eta Lucía Agirre Museoko arte-arduradunak Francis Baconen lana aurkeztuko dute, artistaren erakusketa ikusgai dagoela eta haren katalogo arrazoitua duela gutxi argitaratu dela aprobetxatuz.

Lekua: Museoko Entzungela
Sarrerak: doan, txarteldegietan eta webgunean. Ingelesez egingo da, aldibereko gaztelaniazko interpretazioarekin.

Informazio gehiago

-

Hitzaldia: Bacon eta Reece Mewseko bere estudioa

Urriak 5, asteazkena, 18:30

Barbara Dawson Dublingo Hugh Lane Gallery-ko zuzendariak Francis Baconen estudioaz hitz egingo du, museo hartan baitago objektuz objektu berregina.

Lekua: Museoko Entzungela
Sarrerak: doan, txarteldegietan eta webgunean. Ingelesez egingo da, aldibereko gaztelaniazko interpretazioarekin.

Informazio gehiago

-

Partekatutako hausnarketak

Museoko profesionalek gidatutako bisitaldi hauen bidez ezagutu erakusketen obra esanguratsuenak, muntaiaren zokoak eta bestelako bitxikeriak.

Arte arduradunen ikuspegia
Francis Bacon: urriak 19, asteazkena. Lucía Agirre, Museoko arte-arduraduna
Funtsezko kontzeptuak
Francis Bacon: urriak 26, asteazkena. Hezkuntza- eta Interpretazio-zuzendariordea.

*Fundación Vizcaína Aguirrek babestua.

Informazio gehiago

-

Baconen inguruko proiekzioa : From his life to his Work

Azaroaren 3tik 6ra, 18:30

Goza ezazu Francis Baconartistaren obrari zuzenean lotuta dauden fikziozko film edo dokumentalbatzuekin. Lan horiek Baconekin lotuta egongo dira bere bizitza eta XX. mendekobigarren erdiko Londresko giroa erakusten dutelako edo artistaren obrak filmhorietakoren batekin zuzenean lotuta daudelako. 

Lekua: Zero Espazioa
Programazioa eta sarrerakeskuragarri txarteldegietan eta webgunean, urriaren 10etik aurrera. 2 € Lagunek eta 4 € publiko orokorrak

Informazio gehiago

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean