You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Babeslea: Babesle: Iberdrola
Babeslea: Babesle: Iberdrola
-

Diego Velázquez                
El Primo bufoia, 1644  
Olio-pintura mihise gainean      
106,5 x 82,5 cm
Museo Nacional del Prado, Madril

-

Francis Bacon
Gurutziltzaketa baterako hiru estudio (Three Studies for a Crucifixion), 1962
Olio-pintura mihise gainean, triptikoa
198,1 x 144,8 cm bakoitza
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 64.1700
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2015

Erakusketa

2016(e)ko irailak 30 – 2017(e)ko urtarrilak 8

Francis Bacon: Picassotik Velázquezera erakusketan Francis Bacon-en (Dublin, 1909–Madril, 1992) 50 pintura garrantzitsu eta erakargarriren aukeraketa dago —orain arte ia erakutsi gabeko artelanak asko— baita bere ibilbide artistikoan eragina izan zuten maisu klasikoen eta modernoen 30 bat artelan ere. Frantziako eta Espainiako kulturek Irlandan jaiotako artista britainiar honetan utzitako aztarnan sakontzea du helburu: Bacon frankofilo sutsua zen eta ondo ezagutzen zuen espainiar maisu handien artea, adibidez, Velázquezena. Baconek Pariseko Paul Rosenberg galeriako Cent dessins par Picasso erakusketa bisitatu ondoren heldu zion pintore izateari. Biziki interesatu zen frantses literaturarekin, Racine, Balzac, Baudelaire eta Proust gogotsu irakurri zituen, eta Frantzian finkatutako pintoreen artearen zale amorratua izan zen, adibidez, Manet, Degas, Gauguin, Van Gogh, Seurat, Matisse eta Picassorena, baita lehenagoko garaietako sortzaile frantsesena ere: Ingres, Géricault eta Daumier

 Parisen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan Picassoren lana ezagutu zuen, baina espainiar kulturarekin harremana beste modu batean antzeman daiteke ere: Velázquezen 1650eko Inozentzio X.aren erretratua lanak obsesionatzen zuen. Jatorrizkoa Doria Pamphilj galerian ikusteko aukera izan zuen, 1954an Erromara egindako bidaia batean, baina lan horretatik abiatuta, motibo bera erabiliz, 50 pintura baino gehiago sortzeko, Velázquezen lanaren kopiak buruan edukitzea nahiago izan zuen. Velázquezen lanez gain, Baconek biziki gogoko zituen beste maisu espainiar batzuen lanak, besteak beste, Zurbarán, Greco eta Goyarenak, Madrilgo Museo del Pradon ikusi zituenak.

Guggenheim Bilbao Museoak antolatutako erakusketa, Grimaldi Forum Monaco-rekin lankidetzan

-

Francis Bacon
Konposizioa (Irudia) [Composition (Figure)], 1933
Pastela, luma eta tinta paper gainean, kartoi gainean muntatua
53,5 x 40 cm
Abelló Bilduma, Madril
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016

205. aretoa

Picasso: arterako atea

“Picassok sistema berri horien guztien atea ireki zuen. Ni, berriz, saiatu naiz oinaz ate ireki hori trabatzen, atea itxi ez zedin. Picasso maisuen leinu batekoa da, Rembrandt, Michelangelo, Van Gogh eta, batez ere, Velázquez bezala”. 

Francis Bacon*

Francis Bacon XX. mende hasierako Irlanda aztoratuko landetan finkatutako britainiar familia aberats batean sortu zen eta, hamazazpi urte zituela, Pablo Picassoren obraren aurrez aurre izan zen Pariseko Paul Rosenberg galerian. Baconek azaldu bezala, horrek guztiz baldintzatu zuen haren ibilbide artistikoaren hasiera: hala uzten dute agerian bere lehenengo artelan batzuek, adibidez, Konposizioa (Giza irudia), 1933koa: argi eta garbi egiten dio erreferentzia malagar artistaren 1920ko hamarkadako artelanei eta, bereziki, Aldagelak sortari, non giltza bat heltzen duten bainulari itxuragabe batzuk agertzen diren.

Inolako prestakuntza teknikorik gabe, Bacon artearen munduan sartu zen, baina luze gabe barneratu zuen bere hurbileko sortzaile batzuek, adibidez, Roy de Maistre-k teknikaren aldetik eman ziezaioketena. Iraun duten garai honetako mihise urriek (Baconek eskastzat jo zituen gehienak, eta suntsitu) Kubismo Analitiko eta Sintetikoaren eragin goiztiarra erakusten dute, baita Picassoren Surrealismo biomorfikoarena ere; hortik abiatuta, Baconek lengoaia propio bat garatu zuen. Irudikatzeko era hori 1933an identifikatu zuen lehenengoz Herbert Read kritikariak, Baconen Gurutziltzaketa (1933) toki bikain batean jarri zuenean, Picassoren Bainularia (1929) lanaren parean, bere Art Now: An Introduction to the Theory of Modern Painting and Sculpture argitalpenean. Baconek bere ibilbide artistikoaren hasieran, oso gaztea zela, adituek aipatu zuten arren, ez zuen zorte berdina izan hurrengo urteetan.

“Francis Bacon: I painted to be loved”, Francis Giacobetti-rekin elkarrizketa, 1992ko otsaila, The Art Newspaper, 137. zk., 2003ko ekaina, 28–29 or.

-

Francis Bacon  
Van Goghen erretratu baterako estudioa I (Study for Portrait of Van Gogh I), 1956
Olio-pintura eta harea mihise gainean
152,5 x 117 cm
The Robert and Lisa Sainsbury Collection, University of East Anglia
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016
Argazkia: Prudence Cuming Associates Ltd.

206. aretoa

Gizakientzako kaiolak

“Nik irudia kontzentratzen duten laukizuzen horietan pintatuz murrizten dut mihisearen eskala. Besterik gabe, hobeto ikusteko”. 

Francis Bacon*

Bigarren Mundu Gerraren ondoren (Francis Baconek zerbitzu zibilean parte hartu zuen asma kronikoa zuelako), kritikak eta jendeak berriz aitortu zuten artistaren obra, eta Erica Brausen galeria-jabearen arreta ere piztu zuen: luze gabe Baconen lana Europako askotariko herrialdetan jarri zuen erakusgai. 1948an, New Yorkeko Arte Modernoko Museoak Baconen lehenengo artelana erosi zion Brauseni.

Aldi horretan guztian, artistak irudien unibertso berri bat sortu zuen, literaturan, zineman, artean eta bere bizitzan oinarrituz asmatua. Baconek lengoaia guztiz berezi batez heldu zion ikonografia horri, eta giza zaurgarritasuna gordinkeria handiz adierazi zuen. Pertsonaia horiek itxura berezia dute, gizaki eta animalien artekoa, Eadweard Muybridge-ren argazki batzuetan bezala, eta kaioletan edo kubotan itxita eta harrapatuta agertzen hasten dira. Baconek bitarteko hori erabiltzen zuen ikusleak giza irudiei errepara diezaien. Lausoak eta desitxuratuak dira irudiak, zirriborro modukoak, trazu gris eta urdinetara murriztuak; bereziki Grecoren lanak ekartzen dituzte gogora, batez ere Toledoko planoa eta bista, britainiar artistak gehien miretsitako artelanetako bat, baita Alberto Giacometti-ren marrazkiak ere, Baconek haren eskulturak baino gehiago goretsi zituenak. Gainera, omenaldia egin zion etapa honetan, geroago, Vincent van Gogh-i: pintzelkada solteaz eta kolore-sorta piztu batez ekarri zuen gogora, beste mihise batzuetako giza irudi ilunen kontrako aldean. Bacon liluratuta zegoen Van Goghekin, arauetatik eta errealitate hutsetik urruntzen baitzen adierazkortasunaren mesedetan.

David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 1 – 22:23

-

Francis Bacon  
Velázquezen araberako estudioa (Study after Velázquez), 1950              
Olio-pintura mihise gainean
198 x 137 cm    
Private collection
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016
Argazkia: Prudence Cuming Associates Ltd.

207. aretoa

Giza irudi bakanak

“Inoiz egindako erretratu onenetakotzat neukan nik, horregatik, eta obsesionatzen ninduen. Velázquezen aita santuaren ilustrazio hori daukaten liburuak behin eta berriz erosten ditut, asaldatzen nauelako eta, nire baitan, era guztietako sentimenduak eta, esan dezadan, irudimenaren alde batzuk pizten dituelako”. 

Francis Bacon*

Francis Baconek Inozentzio x.a aita santuaren erretratua deskubritu zuen hainbat erreprodukzioren bitartez 1950eko hamarkadaren erdialdera. Diego Velázquezek 1650ean egindako margolan bat da, eta asaldatuta zeukan Bacon, baita beste margolari eta idazle ingeles batzuk ere. Baconek mihise horrekin zuen zaletasuna bi hamarkada baino gehiagotan islatu zen haren artelanetan. Horietan, aita santuaren irudia askotariko modutan itxuraldatzen da. Batzuetan, hura eta Potemkim korazatuan garrasika ari den emakume zaurituaren aurpegi aztoratuaren sufrimendua nahastu egiten dira. Sergei Eisenstein-en film hori, hain zuzen, hamasei urte zituela deskubritu zuen Baconek Berlinen. Beste batzuetan, giza irudi hori hil dituzten abereen zatiz inguratuta dago, bielorrusiar jatorriko Chaïm Soutine artista frantsesa aditzera emanez argi eta garbi. Bestetan, berriz, Inozentzio x.aren irudia Pio xii.arenari gainjartzen zaio —Bigarren Mundu Gerran aita santu izan zen eta oraindik ere hizpide da Alemania naziarekin izan zuen harreman diplomatikoa—.

Velázquezek hierarkia identifikatzen laguntzen duen testuingururik gabe irudikatu zuen aita santua. Pertsonaia bakarrik agertzen da, Kristo gurutzean gurutziltzatua bezala. Gurutziltzatzea Baconek hasieratik behin eta berriz erabili zuen gaiatzat, erlijio konnotazioak alde batera utzi arren eta, betiere, giza kondizioaren alderdi ilunena nabarmentzeko asmoz. Aita santuak bezala, Gurutziltzaketak eraldatzen joan zen, koloreak, formatua edo konposizioa aldatzen, eta oso gogoko zituen beste erreferentzia batzuek tartekatzen, adibidez, Picassoren edo Eskiloren Orestiada obra.

David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 1 – 24:25

-

Francis Bacon
Autorretraturako estudioa (Study for Self-Portrait), 1976
Olio-pintura eta pastela mihise gainean
198 x 147,5 cm
Art Gallery of New South Wales, Eskuratzea 1978
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016
Argazkia: Jenni Carter, Viscopy

-

Auguste Rodin
Whistler musa, modelo handia, 1908 (1994 Fonte Coubertin)
Brontzea
223,5 x 90 x 109,5 cm
Edizioa: 8 aletik 5.
Musée Rodin, Paris

209. aretoa

Gorputzak agerian

“Nire ustez, artea bizitzako obsesio bat da eta, horrenbestez, gizakiak garenez, gure obsesio handiena gu geu gara”.

Francis Bacon*

Iraun duen Francis Baconen lehen biluzia 1949koa da. Mihiseak gizon bat erakusten du bizkarrez, eta bere atzealdean toles batzuk ditu, errezelak balira bezala. Bizkarrezurra nabarmentzen da, animalia baten saihetsen antzeko itxura duena, eta Degas-en Bainuaren ondoren, emakumea bere burua lehortzen (ca. 1890–95) margolanean agertzen den giza irudia gogorarazten du, Baconek oso miresten zuen artelana.

Lau urte geroago, artistak gizon biluzien bikote bat margotu zuen lehenengo aldiz, baina irudi hori ezin zen jendaurrean erakutsi, artean homosexualitatea zigortu egiten baitzen Ingalaterran. Baconen biluzietan, batez ere 1962ko Gurutziltzaketa baterako hiru estudio lanaren ondoren egindakoetan (margolan hori une goren bat izan zen bere ibilbide artistikoan), pertsonaiak bakarrik agertzen dira nagusiki, eguneroko jarreretan. Pintoreak itxuraldatu egin zituen ia ezinezko irudiak eman zezaten, haien gorputzak ia animalien gisara bihurrituz; haragizko eskultura exentuak dirudite, angelu guztiak erakusten dituztela ematen baitu. Artista erretratua berrasmatzen saiatzen ari zen. Kasu batzuetan, pertsonaia biluzien sexua anbiguoa da; beste batzuetan, berriz, oso agerikoa.

Baconek miretsi egiten zuen Rodin-en obra, eta haren eskulturen irudiak zeuzkan, eta haren giza irudien oharrak hartzen zituen. Hemen erakusten den prestaketarako brontzea Rodinek egin zuen James Abbott McNeill Whistler-en omenez. Areto honetako Whistler-en eta John Singer Sargent-en artelanek Espainiako arteak britainiar pinturan zeukan eragina uzten dute agerian, batzuetan Baconek Eduardo erregearen Ingalaterrako maisu handien galbahetik iragazita jaso zuen oinordetza.

Baconen mihise hauek Eadweard Muybridge-ren argazkietan oinarritzen dira eta, batzuetan, baita John Deakin-enetan ere, pintorearen mandatuz haren adiskide hurkoei egindakoak. Indar handiko biluzi horietan, Baconek giza irudi protagonista bakarrik irudikatu ohi zuen. Ia inoiz ez zuen lan egiten erretratatzen zuenaren aurrean, aginduz Deakinek ekarritako argazkietan oinarrituz baizik: Baconek oso jarraibide zehatzak ematen zizkion pertsonaiek hartu beharreko jarrerei buruz; artearen historiako artelan batzuen jarrerak eta Muybridge-ren beste irudi batzuenak hartzen zituen kontuan.

David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 2 – 56:57

 

-

Francis Bacon  
Ohean dauden giza irudietarako hiru estudio (Three Studies of Figures on Beds), 1972
Olio-pintura eta pastela mihise gainean, triptikoa
198 x 147,5 cm
Esther Grether Familly Collection
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016
Argazkia: Bildpunkt AG, Münchenstein

203. aretoa

Elkarrekin, baina bakartuta

“Nire ustez, hainbat giza irudi agertzen diren momentutik, giza irudien arteko harremanen alde narratiboan sartzen zara automatikoki. Horrek, berehala, istorio moduko bat sortzen du. Hala ere, oraindik ez dut galdu istoriorik gabeko giza irudi asko dituen koadro bat egiteko esperantza”.

Francis Bacon*

Areto honetan Diego Velázquezek Sebastián de Morrari egindako erretratua ikus dezakegu. Pertsonaia hori ere inguru osotik bananduta adierazi zuen, eta bere janzkera aberatsak Austriako etxean zeukan posizioa ematen du aditzera. Horrelako pertsonaiek, tartan Inonentzio x.ena aita santuak, liluratzen zuten Bacon: Vélazquezek horiek irudikatzeko zuen maisutasunaz gain, misterio kutsua baitzerien. Sevillako pintorearen lana berrinterpretatu zuen bere ikuspegitik eta hartara Vélazquezen lana aztertzeko gure modua aldatu zuen.  .

Gune honetan, halaber, John Phillip-en La Bomba dago erakusgai. Artista eskoziar hori, osasun-arrazoiak tarteko, Espainia hegoaldean bizi izan zen xix. mende erdialdean. Horrek aztarna handia utzi zuen pintorearen baitan, eta “Phillip espainiarra” ere deitzera heldu ziren, haren obran, besteak beste, Velázquez eta Murillo maisuek utzitako marka dela eta. La Bomba —izenburuak eszena kostunbrista hau gertatzen den lokala ematen du aditzera, Granadan ere koka daitekeena— Londresen aurkeztu zuen Phillipek eta arrakasta handia izan zuen; garaiko artista britainiar askoren inspirazio-iturri bihurtu zen. Margolan honetako pertsonaiek elkarreragin adiskidetsu bat dute, Baconen giza irudiek ez bezala, azken hauek elkarrekin borrokatu edo sexu-harremanak izan behar dituztela baitirudi, areto honen erdigunea betetzen duen triptiko handiak, Ohean dauden giza irudietarako hiru estudio (1972) margolanak, erakusten duen bezala.

Triptikoaren hiru panelek atzealde berdina dute, eta eszena berdina irudikatzen dute, haren elementuek kasu bakoitzean aldaketa txikiak izan dituzten arren. Baconek 33 bider erabili zuen hiru zatiko formatu hori bere ibilbide artistikoan, hiru hamarkadatan, eta artistari irudiak nahita zatikatuta erakusteko balio zion, marko bereizietan antolatuta. Triptikora jotzeaz gain, Baconek hiru eszenako konposizioa mihise bakarreko margolanetan biltzeko ideia sartu zuen, adibidez, Giza gorputzaren estudioak (1975) margolanean

* David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 2 – 56:57

-

Alberto Giacometti        
Gizon baten bustoa marko batean (Buste d’homme dans un cadre), ca. 1946  
Olio-pintura mihise gainean      
28,1 x 22,4 cm
Fondation Alberto et Annette Giacometti, Paris
© Alberto Giacometti Estate/ VEGAP, 2016

-

Francis Bacon
Michel Leirisen erretratua (Portrait of Michel Leiris), 1976
Olio-pintura mihise gainean      
34 x 29 cm
Centre Georges Pompidou, Paris–Musée national d’art moderne.
Centre de création industrielle. Louise eta Michel Leirisen dohaintza, 1984
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016
Argazkia: © Centre Pompidou, MNAM-CCI,
Dist. RMN-Grand Palais/Bertrand Prévost

202. aretoa

Erretratu baten indarra

“Jakina, batek belarriak eta begiak bezalako gauzak sartzen ditu. Hala ere, horiek albait modu irrazionalenean sartu nahiko lituzke, eta irrazionaltasun horren arrazoi bakarra da, hura agertuz gero, irudiaren indarra askoz irmotasun handiagoz dakarrela, besterik gabe eseri eta itxura irudikatuko banu baino…”.

Francis Bacon*

Pertsonaia ezagun baten bere lehen erretratua egin zuen Baconek 1951n: Lucian Freud pintore britainiarrarena. Zutik irudikatu zuen, ate baten kontra jarrita. Urtetan, miresten zituen lagun eta pertsonak irudikatu zituen, adibidez, Freud bera, Michel Leiris, Henrietta Moraes, Jacques Dupin, George Dyer, John Edwards, Reinhard Hassert eta Eddy Batache, besteak beste. Erretratu gutxi batzuk baino ez ziren mandatuak. Baconek berak hautatzen zituen ia beti, eta bidaltzen zizkioten argazkiak hartzen zituen margolanerako oinarri.

Hainbat alditan, koadro horiek hondo urdinkara dute, eta bat datoz Baconen estudioaren kolorearekin. Hain zuzen, bertan atera zituzten horietako argazki batzuk. Beste batzuetan, berriz, hondoa beltza da, eta espainiar maisu handien artea ekartzen du gogora. Artelan batzuek beste tonu batzuk dituzte, adibidez, kadmio laranja, formatu handiagoko sorkuntzetan erabilia. Baconek ez zuen erretratatuen itxura fisiko hutsa islatzen: haiekin zuen harremanaren berri ematen ere saiatzen zen, baita lotura horrek nolako aztarna uzten zion. Ez dira erretratu psikologikoak, giza harremanen irudikapenak baizik.

Bere pinturetan, Baconek pertsonak desitxuratzen zituen era naturalistagoan irudikatuko balitu baino errealagoak egiteko. Leirisi egindako bi erretratuetatik, Baconek errealistagotzat jotzen zuen literaltasunetik urrutien dagoena. 1970eko hamarkadan, bere artelanetarako modelorik gabe omen zela, autorretratu gehiago egiten hasi zen. 1971tik 1979ra 29 pintatu zituen guztira, horietatik 15 bakarkakoak eta formatu txikian. Tarte horretan, Baconek nazioarteko ospe handia hartu zuen. 1971n, Pariseko Grand Palaisek, Picassoren ondoren, atzera begirako bat eskaini zion lehenengo artista bizia bihurtu zen eta, 1988an, Sobietar Batasunean erakusketa bat izandako Mendebaldeko lehen artista.

* David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 5 – 110:111

-

Francisco de Goya
Tauromakia saila (xehetasuna), 1816
Urtinta, akuafortea, xixela eta punta lehorra
40 akuaforte, 31,5 x 47,7 cm (papera)
Bilboko Arte Ederren Museoa



204. aretoa

Tauromaquia

“Lorcaren poema ospetsu batean oinarritzen da, ‘Arratsaldeko bostetan’ bertso-lerroa behin eta berriz errepikatzen duen hura. Hiltzen den toreatzaile bati buruzko poema polit eta luzea da.  Aspaldi ez dudala zezenketa bat ikusten, hiruzpalau baino ez ditut ikusi bizitza osoan, baina bat ikustean, buruan geratzen da erantsita betiko”. 

Francis Bacon

Baconek elkarrizketa ugaritan agertu zuen gustuko zituela zezenketak eta Francisco Goya miresten zuela. Hain zuzen, komisario-lanetan, Baconek espainiar maisuaren Don Andrés del Peral margolana aukeratu ere egin zuen 1985ean Londreseko National Galleryko funtsetan oinarritutako erakusketa baterako. Goyak prestaketako 50 marrazki egin zituen klarion gorriz bere Tauromakiarako eta, bertan, akuaforte, ur-tinta, punta lehor eta gubil grabatua erabili zituen. Serie horretako gai nagusia zezenketen bilakaera bada ere, gaiari buruzko Goyaren jarrerak eztabaida interesgarria piztu du oraindik orain arte-historialarien artean.

Art International, 1987ko udazkena, 30 or (elkarrizketatzailea: M. Peppiatt).

-

Francis Bacon
Autorretraturako estudioa (Study for Self-Portrait), 1981                                            
Olio-pintura, pastela eta letraseta mihise gainean
198 x 147,5 cm
Bilduma pribatua
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira
DACS/VEGAP, Bilbo, 2016
Argazkia: Prudence Cuming Associates Ltd.

-

Francis Bacon
Zezen baten estudioa (Study of a Bull), 1991
Olio-pintura, aerosol-pintura eta hautsa mihise gainean
198 x 147,5 cm
Bilduma pribatua
© The Estate of Francis Bacon. Eskubide guztiak jabedunak dira.
DACS/VEGAP. Bilbo, 2016


208. aretoa

Bizi funtsa

“Hori da artistaren pribilegioa, denboraz gaindikoa izatea. Pasioak gazte mantentzen zaitu, eta pasioa zein askatasuna ez al dira liluragarriak alajaina! Pintatzen dudanean, ez dut adinik. Pintatzeko plazera edo zailtasuna sentitzen dut bakarrik”. 

Francis Bacon*

1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, Francis Baconek, ordurako 70 urtetik gora zituela, bere sorkuntzetan aurretik bigarren mailan utzitako motiboak (adibidez, zezena) eta generoak (adibidez, paisaia) sartu zituen artelanetan. 1978 baino lehen, urriak dira paisaiak, eta gehienak 1940ko eta 1950eko hamarkadetan egin zituen; sarritan, gizakiak eta animaliak agertzen dira. Bizitzaren azken etapan, bere obra sinplifikatu egin zen; paisaiako elementuak testuingurutik bakartu zituen, eta artistak zehaztutako mugetan sartu. Era horretan, Baconek giza irudia tratatzeko baliatzen zuen antzeko moduan heltzen zion paisaiari: Martxoko pintura margolanean (1985) agertzen den olatua “atzeman” egiten du, edo errepidea Kaleko eszena (auto bat urrutian) koadroan.

Azken aldi honetako erretratuak gero eta soilagoak dira. Aurretik txertatutako elementuak kentzera ere heldu zen, konposizioaren ikusizko erreferentziak murrizteko eta giza irudi nagusira arreta eramateko. Artelan horietako batzuk aerosol pinturaz egin zituen eta, era horretan, Baconek ordu arte bere lanean erabili gabeko ehundurak sortu zituen. Mihise horiek bitan banatzen dira: kolore kementsuz egindakoak eta batez ere tonu grisak zein motelak erakusten dituztenak.

Zezena berriz agertu zen azken urte horietan. Bere ikonografiak Goya eta Picasso bezalako artistak ematen ditu aditzera, baina baita Federico García Lorca poeta eta Michel Leiris idazlea eta, zehazki, zezenketei egiten die erreferentzia.

Francis Bacon Madrilen hil zen 1992an, Museo del Pradotik ez oso urruti. Bertan zeuden hark miretsitako maisu handi asko, eta 1991n hara joan zen Velázquezen obra behatu ahal izateko. Bacon urratzailea izan zen bere bizitzan eta artegintzan, eta ordu arte hausteko zailak ziren muga batzuk gainditu zituen, eta gizakia haren burua gordinki eta bortizki beha zezakeen ispilu batean kokatu zuen.

* “Francis Bacon: I painted to be loved”, Francis Giacobetti-rekin elkarrizketa, 1992ko otsaila, The Art Newspaper, 137. zk., 2003ko ekaina, 28–29 or

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean